berria.info

 

Asteartea, 2015eko azaroak 3a.

 

Farmaziara xake taularen bila

 

Buruko arazoak dituzten gaixoekin terapia gisa erabiltzen dute xakea Araban. Fernando Mosquera psikiatraren hitzetan, «zapore oneko sendagai bat hartzearen pareko baliabidea» da xakea.

 

Fernando Mosquera, abuztuan, Gasteizen hitzaldi bat ematen.

 

Fernando Mosquera, abuztuan, Gasteizen hitzaldi bat ematen. DAVID AGUILAR / EFE.

 

Unai Zubeldia

 

Buruko arazoak eta mendekotasunak dauzkaten gaixoek funtzio kognitiboak hobe ditzaten tresna gisa erabiltzen ari gara xakea». 1992an iritsi zen Fernando Mosquera Gasteizera (Buenos Aires, 1960), eta Arabako Buruko Osasun Sarean psikiatra lanetan dabil egun. «Xakean jokatutakoa naiz, zale gisa». Eta zaletasun horri segika heldu zion proiektuari. Meridan (Espainia) dauka oinarria azterketak. «Juan Antonio Monteroren taldea 2010ean hasi zen xakea hainbat esparrutan txertatzen; gizarte arazoak zeuzkatenekin, adinekoekin, espetxeratuekin... Baina arlo terapeutikora mugatu gara gu».

«Xakea bera, izatez, ez da terapeutikoa», hasi du azalpena. «Baina tresna baliagarria izan daitekeela ikusi dugu. Gauzak ulertzeko eta barneratzeko zailtasuna izaten da buruko gaixotasun askoren ondorioa, eta berreskuratze lan horretan oso onuragarria da xakea». Gaixoarentzat «bitarteko erakargarria eta atsegina izatea», hori da xakearen sekretuetako bat. «Zapore oneko sendagai bat hartzearen parekoa da». Buru argitasuna, estrategia, harmonia, oreka, erabakimena... «Oso joko berezia da xakea, oso konplexua». Mosqueraren hitzetan, «bulkadak kontrolatzea» ahalbidetzen du. «Eta gure alorrean oso zaila da hori lortzea». Bulkadei eustea eta hausnartzea, hori eskatzen du xakeak etengabe. «Zaila da futbol jokalari bat zelai erdian zer egin behar duen hausnartzen irudikatzea; bulkaden gainetik hausnarketa goratzen duen diziplina bakarrenetakoa da xakea».

Iaz hasi zuten bidea

«Buruaren errendimendua hobetzea» da oinarrian dagoen erronka. 2014ko maiatzetik azarora egin zuten lehen froga. «Eta oso emaitza onak lortu genituen sekuentziazioan eta planifikazioan, kontzeptualizazioan eta abstrakzio gaitasunean, eta buruko azkartasunean». Psikiatraren hitzetan, horrez gain hobekuntza nabarmena izan zen «arreta selektiboaren alorrean, kontzentrazioan, elkartasunean, inpultsuen kontrolean, kohesioan...».

2015eko otsailetik uztailera egin zuten bigarren froga, eta hirugarrenarekin lanean ari dira orain. «Tratamenduaren aurreko eta ondorengo azterketa neuropsikologikoa egiten zaio gaixoari». 30 eta 69 urte arteko 22 pertsonarekin egin zuten lehen froga, 2014an. «Hamasei gizonezkok eta sei emakumezkok. Denak ziren droga kontsumitzaileak eta buruko arazoak zeuzkatenak». Bi irakasle, bi psikologo eta psikiatra bat aritu ziren lanean.

Sendagai magikorik ez dago. «Eta xakea ere ez da». Baina Mosqueraren hitzetan, inolako kalterik ez du eragiten gaixoarengan. «Tira, obsesioa, agian». Etekinak, berriz, «oso nabarmenak» dira. Oinez hasi berritan dago proiektua. «Eta pixkanaka zabalduz joatea da erronka; Araban, lehenengo, eta gainerako probintzietan gero».

 

“Bulkaden gainetik hausnarketa goratzen duen diziplina da xakea, eta hori oso baliagarria da terapia lanerako”

 

http://www.berria.eus/paperekoa/2138/023/002/2015-11-03/farmaziara_xake_taularen_bila.htm